XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta zein izango ote da nere saria ordainetan? Ixtukazoak eta gorroak! Hire aitak Soir à Paris nere deklarazio faltsoez beteko din, zuen egunkari zahar horiek, Nekrassov kalumniatzailearen hondamen itsusia eta Duvalen barkamendua batera ospatuko dizkinate. Zuen lagunak garaile gisa eramango dituzue, eta pausoan zuen kohorte alaiek muturra zanpatuko zidaten. Manipulatua! Haur bat bezala erabilia! Eta mundu guztiak gainera. Han gorrotoaren tresna nindunan! Hemen, historiarena! (Isilunea). Véronique! Nere kasua hire lagunei esplikatuko bahie, ez ote lidakete alde egiteko mesedea egingo?

VERONIQUE - Ez diat uste.

GEORGES - Zerri alenak! Hara! Hire aurrean nere buruaz beste egin eta solairua odoleztatzea merezi huke. Nik horretarako ausardiarik ez izateak libratzen hau (Berriro eseri egiten da). Ez dinat ezer ulertzen. Nere filosofiatxoa baninan, eta bizitzen laguntzen zidanan: dena galdu dinat, nere printzipioak ere bai. A! Ez ninan inolaz ere politikan sartu behar!

VERONIQUE - Georges, segi ezak hemendik! Guk ez zioagu inori ezer eskatzen, hik ez diok inori ezer zor. Baina hoa hemendik.

GEORGES (leihoan, gortinak erdi irekiz) - Gaua. Karrika hutsak. Hormen kontra estuturik ibili beharko diat goiza arte. Gero... (Isilunea) Egia jakin nahi dun? Hemen harrapa nazaten etorri naun hona. Habitua jazten denean, azkena ikusten den aurpegiak asko balio din, luzaro gogoratzen bait da. Hirea izatea nahi ninan (VERONIQUE irrifarrea). Maizago egin behar huke irrifarre edertu egiten hau.

VERONIQUE - Gustoko dudan jendeari egiten zioat irrifarre.

GEORGES - Nik ez dinat ezer hire gustoko izateko eta hi ez haiz nere gustokoa (Isilunea).

Gizagaixo horiek barrura eramatetik libratu ahal izango banitu, ederra egingo nizueke! (Ibiliz) Hel niri, nere jeinua! Oraindik bahaizela froga iezadak!

VERONIQUE - Jeinua, motel...

GEORGES - Ixo! (VERONIQUEri bizkarra eman eta makurtuz). Eskerrik asko! Eskerrik asko! (VERONIQUEri) Hire lagunak ez dituztela preso hartuko jakin erazi beharra sentitzen dinat. Akabo festak eta martirien palma! Castagnié anderea bere lanpostura itzuliko dun eta nork daki Perdríereren ehun mila botoak hautagai komunistari ez ote zaizkion joango? Erakutsiko dizuet manejatzen horren erreza naizen ala ez.

VERONIQUE (sorbaldak altxaz) - Ezin duk ezer egin.

GEORGES - Ni gordetzeko norbait bila ezan. Bihar hator ni ikustera eta elkarrizketa baten mundu mailako esklusiba emango dinat.

VERONIQUE - Eta segi!

GEORGES - Ez al dun nahi?

VERONIQUE - Ez!

GEORGES - Baninan, ba, titulare polit askoa! Nekrassov nola bihurtu nintzen, Georges de Valerak kontatua .

VERONIQUE - Georges!

GEORGES - Hire lagunen baten etxean geldi naiteken, alde guztietatik hartutako argazkiak egin iezazkidazue, partxearekin eta gabe. Denak ezagutzen dizkinat: Palotin, Nerciat, Mouton, eta horiek denak: bueltarik gabeko agerpenak egingo dizkinat.

VERONIQUE - Lehendabiziko artikuluaren ondoren polizia bidaliko zigutek. Ez bahaugu entregatzen, hire lekukotasuna sortua dela bazter guztietan zabalduko diate.